Lur-ondasunen Erregistroan 2020ko azaroaren 30etik aurrera inskribatutako ondasun higiezinen balioak

2021-02-26
Beste AP batzuk - Nafarroako Gobernua

2/2021 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Lur-ondasunen Erregistroan 2020ko azaroaren 30etik aurrera inskribatutako ondasun higiezinen balioak, urte horretakoak, erregistro administratibo horretan 2021eko otsailaren 27an daudenak.

Hala xedatzen baitute beren 42. artikuluan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuek, azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuaren bitartez onetsitakoek, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari dagokio, besteak beste, ondasun higiezinak karakterizatu eta baloratzeko jarduketak egitea.

Bestetik, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondasun higiezinen katastroko balioa izanen da udaleko katastroaren inskripzioan agertzen dena. Balioak urtero eguneratuko dira, ondorioak urtarrilaren 1ean hasita, Lurralde Aberastasunaren Erregistroan aurreko urteko azaroaren 30ean inskribatuta daudenak hartuz.

Aipatutako lege aginduak bigarren paragrafoan zehazten duenez, ondasun higiezinei ematen zaien balioa edo urte berean egiten diren aldaketak, bai balorazio kolektiboko prozeduren ondoriozkoak badira, bai banakako baloraziokoak badira, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen jakinaraziko dizkio Nafarroako Foru Ogasunak kasuan kasuko udalari, behin ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna esleitua duen Nafarroako Foru Ogasuneko zerbitzuburuak multzoan onetsitako balioak Lurralde Aberastasunaren Erregistroan azaroaren 30aren ondotik sartu ondoren eta onespenaren akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondoren.

Jakinarazpen hori jasotakoan, Foru Ogasunak ordura arte jakinarazitako balio guztiak udal katastroan sartzen ahalko dituzte udalek, horien banakako jakinarazpena egin ondoren. Balio horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua.

Horrenbestez, aipatu aginduan xedatutakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan ezarritako ondorioetarako, erregistroko balio gisa onestea zenbait ondasun higiezini eman eta Lur-Ondasunen Erregistroan 2020ko azaroaren 30etik aurrera sartu diren balioak, urte horretakoak, 2021eko otsailaren 27an erregistro administratibo horretan daudenak.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta onetsitako balioak Nafarroako udaletara igortzea, horrela kasuan kasuko udal katastroan sar daitezen, sartu behar badira, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan ezarritako moduan.

Hirugarrena.–Adieraztea ezen, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2016 Foru Legearen 21.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen bidez onetsitako balioen aurka, horien banakako jakinarazpena egin eta balio horiek kasuan kasuko udal katastroan sartu ondoren, foru lege horren 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrek gaitasuna dutela gora jotzeko errekurtsoa jartzeko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten zaien egunetik hasita, eta, betiere, balio hori aldatuta badago aurreko zergaldian hartu zen katastroko balioaren aldean.

Iruñean, 2021eko otsailaren 15ean.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.

Iragarkiaren kodea: F2102539