Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsulta daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/610083).
Antsoaingo Udalak dirulaguntzak emanen dizkie udal zentsuan erregistratuta dauden elkarteei eta Antsoaingo udal-mugartean kokatutako establezimenduei, euskara edo euskara eta gaztelania erabiltzen badute haien errotulazioan (fatxadetako errotuluetan, erakusleihoetan, toldoetan zein merkataritzako ibilgailuetan).
Diru-laguntza jasotzeko, errotulua zuzen eta behar bezala idatzita egon beharko da. Horretarako, diru-laguntzaren onuradunek doan erabili ahalko dute Udalaren Euskara Zerbitzuaren itzulpen, zuzenketa eta aholkularitza zerbitzua.
Eskabidea errotulazio berria paratu ondotik eginen da. Eskatzaileak udal-erregistroan aurkeztuko du eskabidea, honako agiri hauekin batera: errotuluaren faktura (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua); bankuko ordainagiria edo antzekoa, argi eta garbi adierazita nork agindu duen ordainketa, enpresa onuraduna, kontzeptua eta ordainketa eguna; eta errotuluaren bi argazki (fatxadaren argazki orokorra eta errotuluaren argazki zehatza).
Eskaerak, dokumentazioarekin batera, 2022ko abenduaren 2a arte aurkeztu ahalko dira.
Antsoainen, 2022ko otsailaren 14an.–Alkate udalburua, Ander Andoni Oroz Casimiro.